XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Debaldeko festa Egun haietan ostatuko bezeroak murrizten somatu zituen Felisak.

Ez zela larritzekoa, bolara bat besterik ez zela izango, pentsatuz, lasaitzen zuen bere burua, baina haren zergatiak piska bat kezkatzen zuen etxeko andrea.

Astelehen arratsaldea zen, eta bestela ere ez zen jende askorik agertzen ordu haietan.

Garbiñe bera ere, Donostia aldera joana zen enkargu batzuk egitera.

On Seberiano bakarrik zegoen, bazter batean, plaza aldera jotzen zuen leiho ondoan, lo kuluxka bat egiten.

Isiltasuna nabari zen eta milaka burutazio zetozkion gogora Felisari.

Ostatuko sukaldetik atera eta horma zaharrekin hitzegiten balego bezala horrela zion: - Behar bada, itxita izan behar zuen iadanik.

Ostatuaren projektu berria atzeratu zuten baina... agian, ez zen bidezkoa izan....

Hartan zegoela, ate hotsa entzun zen.

Garbiñe zetorren Nikasiorekin batera.

Biak animaturik somatu zituen.

- Nondik zatozte biak hain pozik? - Hara, hasi zen Garbiñe entzuna nuen bai, hor goiko auzo berrian kafetegi edo Pub horietako bat ireki behar zutela, baina ez nuen uste halakorik ikusi behar genuenik Bertsotegietako herrian.

- Nola, han izan zera, ala? - Bai Felisa, bai.

Autobusean nentorrela, gazte batzuk konbidatu naute eta bertara heldu garenean, hura zen izatekoa! hango kafe-makina elektronikoa, hango txanpon-tramankulu automatikoa, hango argi diztiratsuak!.

Hormak eta lurra ere ez ziren nolanahikoak.

Han ez zen harri edo oholik ageri, dena zen plastikoa eta material modernoa.